2010/04/29

EUSKARA ETA BERE JATORRIA

Historiaurretik gaurdaino Pirinioetako mendebaldeko bi aldeetan bizi izan den herriaren hizkuntza da euskara.
Mendeetan zehar, euskararen esparrua aldatuz joan da eta gaur eguneko Euskal Herria ezezik, garai batean, esparru zabalagoa hartzen zuen euskarak.

Euskararen jatorria
Hizkuntzak nonbaitetik datoz; adib: Ameriketan hitz egiten den ingelesa edo gaztelania Europatik eraman zituzten; bestalde, ingelesa, suediera edo daniera germaniera zaharretik datoz eta gaztelania, frantsesa eta errumaniera, berriz, latinetik.
Europako hizkuntza gehienek India aldean dute beren sorburua, duela milaka urte bertatik etorritako herri indartsu batek Europako lurraldeetan bere hizkuntza inposatu baitzuen. Hizkuntza hauek familia indoeuroparra osatzen dute.
Euskara ez da familia indoeuroparreko hizkuntza.Beraz, zein ote da bere jatorria? Nondik ote dator?Dozenaka hizkuntzarekin konparatu izan da euskara (Ipar Afrikako bereberearekin, Errusia aldeko hizkuntza kaukasiarrekin...), baina bere jatorria frogatzeko dago oraindik.
Batzuen iritziz, gure hizkuntza hemen bertan sortutakoa litzateke, eta ez inondik etorria. Honen haritik, zenbaiten ustez garai batean euskarak Europako zati handi bat hartuko zukeen eta gero, pixkanaka, bere espaarrua txikituz joango zen, gaurko mugetaraino iritsi arte.
Euskara hizkuntza uharte bat dela esan ohi dute hizkuntzalariek, hau da, frogatutako ahaidetasun linguistikorik ez duena.

Teoria desberdinei buruzko informazio zabalagoa lortzeko, sakatu hemen

2010/04/28

URRUTIKO HIZKUNTZA ESKOLA

1. Honen bidez B2 mailan matrikulatuta zaudeten ikasleoi azterketen tokiaren eta daten berri ematen zaizue.

  • Azterketa idatzia: ekainaren 3an, arratsaldeko 16.30ean, Zizur BHIko 115 gelan.
  • Ahozkoa: maiatzaren 24an, arratsaldeko 16.00 Zizur BHIko 117 gelan.

2. Otsailean egindako simulakroaren emaitzak jakin nahi badituzue, etor zaitezte atsedenaldietan Euskara Mintegira eta bertan zuen azterketaren inguruko informazioa emango dizuegu (egindako akatsak, zuzendu beharrekoak...)

Bestalde, azterketa prestatzeko ariketa osagarriak Euskaljakintza blogean aurkituko dituzue.

BERTSOLARITZA

Ahozko euskal literaturak mendeetan zehar izan dituen generoen artean bertsolaritza da gureganaino indarrik gehienarekin iristea lortu duena. Garai batean sagardotegi-txokoko denborapasa zena, gaur jendaurreko bihurtu da; gairik jasoenetatik irrigarrienetara onartzen ditu eta teknikaz jantzia dago. Bere-bereak ditu irudimena, bat-batekotasuna, hizkuntzaren freskotasuna eta bigarren intentzioa.
Historia laburra
Batzuek diotenez, historiaurrean, artzantza garaian, koka daitezke bertsolaritzaren lehen urratsak.
Erromatarren garaien, adibidez, Virgiliok bat-bateko bertsolaritzaren berri ematen digu, artzainen arteko bertso-gudu edo sariketetan.
Edozein herrik, hizkuntzak edo kulturak izan du beti inprobisatzeko joera, errimatuz hitz egiteko eta kantuz elkar tentatzeko ohitura.
Beharbada, une honetan Euskal Herrian egon daiteke indartsuen eta bizien, baina, ez da hemengo fenomeno bakarra. Ez lehen eta ez orain.
Esate baterako, hor daude Afrikako Sahara basamortuko tuareg-ak, portugaldarrak, galestarrak, galiziarrak, Asiako afgandarrak eta Ameriketako zenbait lekutako bertsolriak.
Euskal Herrian, Erdo Aroan ageri zaizkigu lehenengo idatziak.
XIV-XV. mendeetan balada, erromantze eta kantu epikoak agertzen zaizkigu.
XVI-XVII.mendeetan ere baladek jarraitzen dute, epiko-liriko baladak, amodiozkoak, maitasunezko historiak...
XVIII-XIX.mendeetako bertsolaria ez da eresiak kantatzen zituztenen edo balada epiko eta gerrakoen egileen jarraitzalea.
Bertsolaria herrikoia da, jendea dibertitzako kantatzen duena.
Gaiaren inguruko informazio gehiago nahi baduzu, sakatu hemen.

OÑATIKO EUSKARA

Laixan euskara alkartia-k Oñatiko udalak hilabetero argitaratzen duen Kontzejupetik aldizkarian ANTXIÑAKO FOTOGRAFIXIA atalean herriko argazki zahar bat eta horren inguruko komentarioak idazten ditu, hori bai, bertako euskaraz idatziak. Hona hemen aurreko hilabete batean ezkontzaren aurreko despedidei buruz idatzitakoa:

(...) Etziran hareik be urte samur-samurrak. Gerra zibila akabo barri zan eta familixetan ez eguen ugarittasun haundirik. Baiña, hala eta guztiz be, oraintxe letxe, norbait ezkonketan zanian, eztei-ospakizunik etzan falran jeneralian, ezta ezkondu aurreko despedidarik be. Eztaixetara familixa bixetako seindiak, zaharrak eta gaztiak, faten ziren, eta maiorazko-ezkontzaia baldin bazan, auzotarrak be bai. Despedidia, barriz, gazte-jentiendako bakarrik izaten zan. Hori bai, mutilak alde batetik, eta neskak bestetik. Gairai haretan halako jaixak Oñatiko hainbat taberna-jatetxetan egitten ziran: esaterako, Cenicero izenekuan Etxalezuko plazatxuan; Txarriduna-renian Kale Barrixan; edota Izarra-n zeinn Ona-renian Kale Zaharrian.
Gaurko fotografixia Bixenta Biain-en despedidiari dagokixo. Murgiko Arretxe-ko alabia zan eta Larrañako Elordui baserriko Euxebio Igartua-rekin ezkondu zan 1940xan. Elorduik, orduan be, bi bizitza eukan: batian Igartuatarrak bizi ziran eta Urzeiltarrak bestian. (...)

EGIN BEHARREKOA
  1. Aztertu testuan erabili den euskalkiaren ezaugarriak, euskalkia identifikatu eta berridatzi testua euskara batuaz.
  2. Lazarragaren eskuizkribua euskalki honetan idatzita omen dago. Aurreko ariketan egindakoa sakondu nahi baduzu, jo ezazu hurrengo helbidera: http//klasikoak.armiarma.com/lazarraga/.

2010/04/24

IPUIN BATEAN BEZALA

3. hiruhilabeterako Zizur BHI-ko Euskara Departamentuak aukeraturiko liburua IPUIN BATEAN BEZALA da, Joan Mari Irigoien (Altza, 1948) idazlearena.
Liburuaren atzeko azalean irakur daitekeen bezala, amodiozko kontakizuna da liburua, ez, baina, amodiozko historia goxoa. Amodioaren gazi-gozoak irakurriko dituzu eleberrian.
Betiko moduan, hauxe liburu honekin egingo dugun lana:
  1. Norberak irakurri eta izango den azterketa prestatu, eta
  2. Blogaren bidez laburpentxo bat denen ikusgai zintzilikatu (sarrera honen erantzun gisa). Epea, datorren maiatzaren 21ean amaituko da

Nobelaren liburuko atzeko azalean PABLO NERUDA aipatzen duen testuarekin amaitzen da. Zergatik aipatzen duen horrela autore txiletar handia jakin nahi baduzu, sakatu hemen.